Konpainia: Zurriola Antzerki Eskola. Testua: Samuel Becket. Itzulpena: Juan Garzia. Aktoreak: Nerea Arriola, Izaskun Labat, Aitor Andonegi, Guillem Moralen, Arantzazu Lizartza, Iosu Ariño, Amaia Elizalde eta Jasone Sertutxa. Zuzendaria: Joxerra Fachado. Noiz/non: Maiatzaren 14an, Pasai San Pedroko Udal Aretoan.
Hemen eta orain gertatzea da antzerkiaren legea. Horregatik da hain berezia, bizirik dagoelako. Orainarekin konektatzen gaitu, unean gertatzen ari denaz gain ezer gehiago existituko ez balitz moduan. Ez da errepikatzen, ezin da berriro gertatu, ez behintzat modu berean. Espazio horretan konpartitzen dena bertan daudenen artean soilik elkarbanatzen da. Hori da abiapuntua.
Godoten esperoan, 1940ko sorkuntza bat. Samuel Beckett dramaturgoaren obra ezezagunetarikoa da, frantsesez sortu zena eta 2001ean Juan Garziak euskarara ekarri zuena. Absurdoaren antzerkian sustraituta dago, gertatzen denak zentzurik ez balu gisa gertatzen da. Izan ere, ez da ezer gertatzen: ez da inor iristen, ez da apenas denbora pasatzen, ez dute lekuz aldatzen, elkarrizketak errepikatzen dira, ekintzak ere errepikatzen dira, ahaztu egiten dituzte gauzak, gertakarien aurrean konturatuko ez balira gisa jokatzen dute, joan egiten dira eta leku berera itzuli, gauza abstraktuez hitz egiten dute, kontzientziarik ez dute… Baina guztiz kontrakoa dela sinestera irits daiteke ikuslea. Non, noiz eta zertan ari diren ondotxo dakitela pentsatzera eta gizakia bera lehen lerroan jartzera. Gauzak ez dira edozergatik gertatzen.
Gizakia eta gizartea jartzen ditu zalantzan obrak. Gu geu hemen eta orain egoteak zer esan nahi duen eta zer den egiten duguna. Gizakiaren sinpletasuna eta izatearen aberastasuna. Horretarako, antzezlan honen funtsa diren bi pertsonaia nagusi azaltzen zaizkigu: Gogo (Estragon) eta Didi (Vladimir). Zein baino zein sinpleagoa eta mozoloagoa.
Zer pentsatzen duten ere ez dakite; zain daudela, esperoan, horixe dakite. Eta iristen ez den hori, Godot da. Izan liteke esperantza, izan daiteke etorkizuna. Ezagutzen ez duguna, ez dakiguna dagoenik edo ez. Pertsonaiek konfiantza osoa jartzen dute horretan eta kasik horretara mugatzen dute euren existentzia. Zein ederra den gizakiaren sinpletasuna, gure presentziaren jabetzea eta batez ere, zertarako garen gai, Gogo eta Didi ez baitira tuntunak. Bizitzaren zentzugabekeriaz ohartuta daude, gizateriaren porrotari begirakoa dena eta desadostasuna azaltzen dute horrekiko, modu inozente batean. Injustiziak ikusteko gai dira, hala izendatu ez arren. Suizidioaz edo eta beste norabaitera alde egiteaz hitz egiten dute. Baina hor geratzen dira. Agian hau da gizakiaren eta gizartearen nolakotasuna: orain eta horrela egotea. Merezi al du etorriko ez den zerbaiti esperoan egoteak? Existitzeak soilik ez gaitu salbatuko.
Antzerkiaren legeari men eginez, aprobetxatu, antzerki ez profesionalak oraindik interesgarriagoa egiten duen orainaldiari eusten. Datorren eta azken emanaldia: urriaren 5ean, Gasteszenan (Egia, Donostia).