Enkarni Genua Espinosa (Donostia, 1942) txotxongilolariak 1971n sortu zuen Txotxongillo taldea, Manolo Gomez senarrarekin batera. Euskal kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, haur eta gazte literaturako lanak, diskoak eta material didaktikoa argitaratuz.
Nola hasi zineten txotxongiloekin emanaldiak egiten?
Alaba zaharrenak bi urte bete zituenean, jaitxoa egin genuen etxean panpina batzuekin, gaztelaniaz. Artean, ez genekien euskara existitzen zenik ere. Gerora, geure burua eskaini genuen txotxongilo emanalditxoa egiteko alabaren ikastolako jaialdian, orduan genekien euskara apurrarekin saio bakarra egiteko asmoz. Han zeuden andereño batzuek, ordea, beste leku batzuetan egiteko eskatu ziguten. Elbira Zipitriaren ingurukoak ziren, eta dei gehiago jasotzen hasi ginen. Ahoz ahoz zabaldu zen. Orduan, umeentzat ez zegoen ezer euskaraz, eta gurasoek izugarri eskertu zuten.
Seme-alabak ikastolan hastean ekin zenioten euskara ikasteari?
Txikitan, ez nekien euskara existitzen zenik ere, aitona euskaldun petoa izan arren. Ez nuen ezagutu, baina “Euskaraz no hablar, castellano no entender” esaten omen zuen koitaduak, eta hor bukatu zen euskararekiko nire lotura. Ama, berriz, Gaztelatik etorria zen; beraz, gure etxeko hizkuntza gaztelania izan zen. Alaba, ordea, ikastolara eraman genuen, eskola ona zelakoan. Hark ikasiko zuen hizkuntzan ezer ez genekiela konturatu ginenean, ikasten hastea erabaki genuen, halako batean ez genuelako ulertuko zer esaten zuen. Hala, Mari Carmen Garmendia izan zen gure lehen andereñoa. “Hau behatza da” esaldiarekin hasi ginen, kar-kar! Horrek bizitza aldatu zigun. Hasieran, ez genuen euskararen aldeko inolako sentimendurik, alabagatik hasi ginen ikasten. Gerora konturatu ginen gure hizkuntza zela, etxetik arrazoi politikoengatik desagertua, eta horregatik jarraitu genuen.
Eta orain, zergatik merezi du euskara ikastea?
Herri bat irabazten duzulako. Gaztelaniaz bizi zaitezke hemen, dudarik gabe, baina euskara aberastasuna da. Euskara ikasteaz batera, euskal literatura irakurtzen hasi nintzen:istorioak, esaera zaharrak... oso literatura aberatsa daukagu. Orain dela gutxira arte, ahoz aho transmititzen zen. Lehen, neguan eta telebistarik gabe, beti zegoen aitona umeei ipuinak kontatzeko, baina baserriko bizimodua desagertuta, hori amaitzear zegoen. Barandiarani zor diogu, batez ere, kontakizunok jaso izana. Bestalde, ikasten ari den jende askok pentsatzen du ezin dela hitz egin aditz guztiak ondo jakin arte. Akats handia! Oinarrizkoa da hitz egiten hastea! Lotsatu, zergatik!? Euskaldun bati esaldia gaizki esaten badiozu, ez du burlarik egingo. Eta, egiten badu, ezjakin hutsa delako izango da.
Zenbat txotxongilo dituzue eta non bizi dira?
Ehun inguru dauzkagu. Hasieran, materiala etxean geneukan, ohe azpian eta, baina ohartu ginenean emanaldiak ez zirela noizean behingo kontua izango, tailerra erosi genuen etxe azpian. Ipuinak sortu behar ditugunean, han egiten ditugu gauzak eta entsegu txikiak. Panpina guztiak daude ipuinka sailkatu eta maletatan sartuak, eta emanaldietara joateko ateratzen dira. Orain, adibidez, Azken eta Putz etxeko egongelan daude, poz-pozik, 30 urte egon baitira maletan sartuta. Erreka Mari eta Mariona, berriz, etxean bizi dira.
Maiteena aukeratzea seme-alabetako bat aukeratzea bezain zaila da?
Seme-alabak eta txotxongiloak gauza ezberdinak dira, ezin da konparatu. Eman dezagun Txirene panpinari parkean harri bat erortzen zaiola gainera; bada, haur bati gertatuz gero, nire sentimendua guztiz desberdina izango litzateke. Asko maite ditut, e? Noizean behin hitz egiten dut Marionarekin... Emanaldietan txotxongiloekin nolako elkarrizketa izango dudan ez dut jakiten, ez dut gidoi zehatzik erabiltzen. Badakit gutxi gorabehera nondik joko dudan, baina ez zehatz-mehatz, inprobisatu ere egiten dudalako. Lagun batekin geratzen zarenean bezala: badakizu hau edo bestea kontatu behar diozula, baina ez dakizu gero elkarrizketa nora joango den.
Sari asko jaso duzu, berriki Manuel Lekuona saria ere bai. Zer dira zuretzat?
Inor ez omen da profeta bere herrian, baina ni bai. Poz handia dira, eta errekonozimendua eskertzen da. Ana Urkizak saria emango zidatela esateko deitu zidanean, barrezka hasi nintzen, sinetsi ezinik, Eusko Ikaskuntzaren saria oso berezia iruditu zitzaidalako. Egia da ibilbidea saritzen dela, eta guk 52 urte daramagu gelditu gabe. Igande asko igaro ditugu tailerrean, baina gustura. Lana ere ematen dut: Bizkaiko leku batzuk urruti geratzen zaizkit dagoeneko, eta han dago Rosa Martinez. Erreka Mariren ipuina elkarrekin muntatu dugu. Oso ondo egiten du, eta Bizkaitik deitzen badidate, hari pasatzen diot enkargua.
Arte eszenikoen generoan, txotxongiloak nahikoa balioesten dira?
Txotxongiloena artea da. Jendea gero eta gehiago arduratzen da, eta UNIMAn (Union Internacional de la Marioneta) antolatuta gaude, urtero ikastaroak eta jaialdiak egiteko (Bilbon, Sestaon, Tolosan, Bergaran...). Tolosako TOPIC Txotxongilo Zentroa munduko onenetakoa dela esango nuke. Hortaz, denetik egon arren, jende prestatua ere badago. Curriculuma eskatzen didatenean, beti jartzen dut aurrena txotxongilolaria naizela; ondoren, Filosofia eta Letretan lizentziatua, Deustuko Unibertsitatean. Askoz ere garrantzitsuagoa da niretzat txotxongilolaria izatea, nahiz eta batzuek pentsatu bi panpina txororekin egiten dela ikuskizuna. Ezjakintasun handia dago. Titiritero hitzak badu konnotazio txarra, baina ez da hala:txotxongiloaren atzean beti behar da aktore sortzailea.
Tolosako TOPIC Zentroaren sorrera babestu zenuten. Txotxongiloek badute etorkizunik?
Mundu hau, nolabait esateko, arriskutsua da. Ez da desagertuko, baina erraza ere ez da. Nik zorte handia izan dut, bakarrak izan garelako urte askoan, geu ginen onenak eta txarrenak. Eskoletan erreferentzia izan gara, nire izena txotxongiloekin lotzen da, baina jan ere egin behar da, eta hipoteka ordaindu.
Haurren hezkuntzan, zergatik du garrantzia adierazpen artistikoak?
Haurtzaroa murrizten ari da, haurrek ez dutelako jolasteko astirik. Joko dramatikoa, rol ezberdinetara jolastea, oso interesgarria da. Umeei berez ateratzen zaie helduarena egitea, haiek imitatzea, baina, horretarako, denbora behar da. Orain, aldiz, eskolatik irtendakoan beste jarduera piloa dute, eta guraso askok ez dute astirik umeekin “txorokeriatan” ibiltzeko. Lehen, 12 urteko haurrak txotxongiloak ikustera joaten ziren, baina egun denak daude sakelakoari begira, elkarren ondoan. Ez gara horri irtenbidea aurkitzeko gauza, eta eskola gehienetan ez dago espresio dramatikorako ordurik.
Zuen lanek beti dute helburu pedagogikoa?
Emanaldietan, galderak egiten ditugu. Liburua ere osatu genuen galdera horiekin. Esaterako: “Katu guztiak dira gaiztoak? Lamia asko geratzen zaigu Euskal Herrian? Lamiei erreka garbia gustatzen zaie... nola dago zure herrikoa? Zikin?” Erreka Mariren ipuinean, ekologiari eta berdintasunari buruz hitz egiten dugu. Agustinek eta Kattalinek ez dute Erreka Mari maite, zergatik? Zergatik kentzen diote orrazia? Bada, Erreka Mari desberdina delako. Eta denok gara berdinak? Amona izan nintzenean, beste galdera bat sortu zitzaidan: “Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona?”. Horren inguruan osatu genuen ipuina. Amona gaixorik dago, basoan bizi da, otsoz inguraturik, eta noizean behin Txanogorritxok janaria eramaten dio, baina bakarrik bizi da? Ipuin honekin, oso esperientzia politak izan ditugu: batzuetan, emanaldia bukatutakoan, umeren bat etorri izan zaigu igandero amona bisitatzera joaten dela azaldu nahian, kar-kar!
Erreka Mari, zuen pertsonaia ezagunenetakoa, 1978koa da, baina ez du gaurkotasunik galdu...
E skola batzuetan esan ohi dugu NBEn gaudela, jatorri askotako umeak aurkitzen ditugulako. Denok gara desberdinak, baina Agustinek eta Kattalinek oraindik ez dakite hori, ezta beste jende askok ere. Ez omen gara arrazistak... familia ijito bat gure etxepera bizitzera etorri arte! Hala ere, gauza bat aldatu da: ipuin hau sortu genuenean, askotan egiten genuen Tolosa eta Donostia arteko bidea, eta Oria ibaia izugarri zikin zegoen. Orain ez.
Adinean aurrera zoazte. Zuen txotxongiloek zuekin batera hartuko dute erretiroa?
Materiala TOPICera eramaten ari naiz, han geratuko dira. Eta Erreka Mari eta Itsasminez ipuinak Rosa Martinezek egiten ditu. Seme-alabek ez dute honetan jardungo, baina sei iloba ditut, eta haiek... auskalo! Ni neure ibilbidea egiten saiatu naiz, eta ez dakit noiz erretiratuko naizen. Indarra behar da 80 umeren aurrean 50 minutuko istorioa kontatzeko. Egunen batean ez naiz ondo egongo, baina ez daukat harreman txarra heriotzarekin, egin dut nire ibilbidea. Ez naiz boluntario aurkeztuko hiltzeko, e? Baina helduko da eguna, eta bitartean dokumentazioa eta ipuin guztiak prestatzen ari naiz.
Egindako guztien artean, gehien maite duzun lana? Erreka Marirekin muntaia handiak egin ditugu: txalapartarekin zuzenean, opera bat...
Ikuskizuna eskaini izan duzuen tokirik bitxiena? Ukuilu batean, 40 bat umerentzat.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Mediterraneoa hilerri bihurtzen ari da, gerrak hor daude, klima aldaketa... Asko!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Pertsona ondradua.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Barazkiak, fruta, esnea... Haragia eta arraina, gutxi.
Igande arratsalderako planik onena? Familiarekin eta lagunekin egotea.
Zer ikusten duzu telebistan? TVEko La 2 kateko Imprescindibles dokumentalak. Eta ETB1en, Biba zuek!, nire euskara hobetzeko.
Gustuko duzun idazle bat? Euskaraz, Atxaga da onena, nire ustez. Gaztelaniaz, literatura latinoa.
Txotxongilolaria izateak daukan gauza on bat? Haurrekin komunikatzeko erraztasuna.
Eta txarra? Ipuina ondo landu ezean, emanaldia gaizki atera daitekeela.
Oporrak igarotzeko modu on bat? Naturan murgildu, paseatu... nahiago dut mendia, Hiru Erregeen Mahaira ere igo naiz.
Nor da heroia zuretzat? Irakasle asko.
Zerk alaitzen dizu eguna? Seme-alaben deiek.
Zerk ematen dizu lotsa? Ez dut sentimendu hori ezagutzen, oztopo hutsa iruditzen zait.
Eta beldurra? Familiako norbait gaixotzeak.
Amorrua? Politikarien arteko ika-mikek.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Etxean geratu, irakurtzen edo egonean.
Urduri jartzen zara txotxongilo emanaldia hastera doanean? Ipuin berria denean, bai. Eta herri txikietan askoz ere lasaiago egoten naiz.
Labur-labur, nolakoa da Enkarni Genua Espinosa? Langilea, amore erraz ematekoa (ezin naizelako haserre egon) eta ausarta.